Sandrine ARAGUAS CAZEMAYOR

Sandrine ARAGUAS CAZEMAYOR

Urruñan sortu nintzen, eta hemen bizi izan naiz beti. Pilota plazaren parean hazi nintzen, Dongaitz Anaiak karrikan; frontoia nire haur baratzea izan zen. Nire gurasoak Biarnokoak dira jatorriz, eta familia bizitza Urruñan eraikitzeko hautua egin zuten,

hasieran aitaren enpleguari loturik, eta gero hautu bidez. Azkenean, ez nik, ez nire anai-arrebek, ez genuen hemendik alde egin. Ez dut sekula nire bizitza beste inon egitea irudikatu, ezta Zuberoan ere, zuberotar batekin bizi naizen arren. Gure bi seme-alabak iritsi zirenean, Camieta ondoko Boutran Zaharren jarri ginen bizitzen, nahiz eta asko gustatuko zitzaidakeen gure seme-alabak plazan, herrian haztea.

«Pasioa» dut ogibide. Haurren babesaren sektorean lan egiten dut, Departamentuak onetsi elkarte batean. Nire bizitzan leku asko hartzen duen ogibidea da, liluratzen nauena, denborarekin konpromiso bihurtu dena, harreran hartu haurrek besteek bezainbat zorte izan dezaten loratzeko.

Denbora gutxi gelditzen zait elkarte-bizitzarako, baina Larrunkoopeko kide naiz. Hasiera-hasieratik atxiki natzaio, uste baitut gure kontsumitzaile- eta gure elikadura-hautuekin badugula gure inguruan eragiteko ahalmena. Egunerokotasuneko ekintza bat da, baina ezinbestekoa da pentsatzen jartzen garenean. Pika ta Ebats elkarteko bazkidea ere banaiz, ez baitut inoiz fandangoa ikasteko itxaropenik galtzen! Duela urte batzuk, lagun batekin batera, gurasotasunari laguntzeko elkarte bat sortu genuen: Eleak hitzen xokoa. Gaur egun Hendaian du egoitza, eta nerabeen gurasoentzako solas-taldeak proposatzen ditu, baita gurasoentzako doako elkarrizketak ere. Asko gustatu zitzaidan abentura hura eta taldeak ahalbidetzen zuen elkarretaratzea.

Elgarrekin taldean haste hastetik sartu nintzen, 2020ko udal hauteskundeak baino aise lehenago. Nire hiria, nire ingurua, eraldatzen ari zela sentitzen nuen, gauza batzuk, batez ere bizitza sozialari eta hirigintzari zegozkionak, ez zitzaizkidala gostukoak. Nire xokoan marmarika aritzeak ezer gutxi ekarriko zuela jabetu nintzen, eta Elgarrekin taldean sartu nintzen orduan, zenbaiten artean gogoetak egiteko Gero, taldearen indarrak konbentzitu ninduen hausnarketa fasea gainditu eta hautetsi gisa engaiatu behar zela. Azken sei urteetan familiaz, haurtzaroaz, gurasotasunaz eta hiri inklusiboaz arduratu naiz.

Felipe Aramendirekin lotzen naiz Elgarrekin zerrendan, konfiantza osoa dudan pertsona baita, interes komunaren alde lan egiteko eta bereizketa politikoak gainditzeko. Kolektiboaren zentzua du, adostasuna bilatzen du beti. Adostasuna da, gainera, Elgarrekinen metodoa, bakoitzak bere desadostasuna adieraz dezake, eta erabaki garrantzitsuak hartzen ditugu soilik kide bakoitza erabakia defendatzeko gai bada. Lan kolektibo sendoa da.

Heldu den agintaldi honetan ez dut izanen axuanta edo hautetsi-agindurik, nire hezitzaile lanean bete betean aritzeko. Urruñan eta Elgarrekin taldearekin konprometitua jarraituko dut, sinesten baitut elkarte honen indar demokratikoan, herritarren ideiak eramateko duen gaitasunean.

Aurkezpena partekatu: