Gure programa

2026ko herriko bozak

Programa sintetikoa

Guziendako bizitegiak

Etxebizitzaren krisiak, erronka klimatikoek eta energiaren kostuaren handitzeak eraikitzeko moldea berriz pentsatzera behartzen gaituzte, bereziki gure haurrendako etxebizitza eskubidea bermatzeko, eta hori, espekulaziorik gabe.

Agintaldian gauzatu duguna:

  • Hitzartzean negoziatuz eta desjabetzerik gabe, lur eraikigarriak erosi ditugu. Bertan, higiezin proiektu zenbait abiatuak izan dira alokatzaile sozialekin: Iturluxea (89 etxebizitza), Herri sartzea (210 etxebizitza), Sokorri (70 etxebizitza).
  • Tokiko Hirigintza Plana (THP) berrikustea, laborantza eta natura lurrak babesteko, eraiki behar diren bizitegien kokapena, kopurua eta mota kudeatzeko.
  • Eraikuntzaren profesionalei zuzenduriko eraikuntzaren eta antolaketaren gutun bat apailatzea. Gutun horrek klima eta jendarte erronkei erantzuteko gai den hirigintza berri baterako helburuak eta irizpideak zehazten ditu.
  •  

Elgarrekin urrunago joateko:

  • Abian diren higiezinen proiektuak bururatzea, hots, 369 etxebizitza, egoiliar eta biztanleekin hitzartuak, eta berriak eraikitzea, Itsasertzeko Legea errespetatuz.
  • Hutsik dauden etxebizitzak identifikatu eta jabeak lagundu bizitokiaren merkatuan berriz ezar ditzaten.
  • Biztanle kooperatiben agerpenak laguntzea, etxebizitza solidario eta eskuragarriak sortzeko, biztanleek berek kudeaturik.

Bazenekien?

  • Biztanleen %71k etxebizitza sozial bat eskuratzeko eskubidea dute.
  • Elkartasunaren eta Hiri Berritzearen Legea (SRU) betetzeko, 610 etxebizitza eskas ditugu gaur egun aitzineko gehiengoen hautu politikoen ondorioz. Beraz, Herriak urteko 350 000 €-ko gaztigua ordaindu behar du, Estatuak ezarria eta urruñarrek jasan beharrekoa.

Elikadura sanoa eta kalitatezkoa

Oinarrizko eskubidea da, eta osasun publikoaren pario handia. Ekoizpena birkokatzea baitezpadakoa da.

Agintaldian gauzatu duguna:

  • Bazkarien prezioak atxikitzea heineratze zuzenak eta egokituak eginez, nahiz eta hornitzaileak Herriari fakturazioa %36 emendatu duen.
  • Herriko sukalde bat eraikitzea, eskolako jangelak, etxeetara eramateko bazkarien zerbitzua eta aisialdi zentroa hornitzeko.
  • Herriko baratzezaintza etxaldea sortzea herriko lurretan, herriko sukaldea bio, tokiko, sasoiko eta kalitatezko produktuekin hornitzeko.
  • Euskal Elkargoarekin negoziatua izan da Berrueta 2 gunean laborantzarentzat lurren parte handi bat babestea, eta, aldi berean, enpresen etorkizuneko instalazioa ahalbidetuko duena, trantsizio ekologikoaren erronkak errespetatuz eta espekulazioa ezinezko eginez.

Elgarrekin urrunago joateko:

  • Hautetsiek, herritarrek, ekoizleek eta elkarteetako kideek osatuko luketen  Elikadura Subiranotasunaren Kontseilua  sortzea, Euskal Elkargoak bozkatua duen lurraldeko Elikadura Planaren baitan txertatuko den herri mailako elikadura plana apailatzeko.
  • Herriko lurretan laborari berrien instalatzea bultzatu, tokiko janari ekoizpena emendatzeko eta dibertsifikatzeko, eta zirkuitu laburrak garatzeko.
  • Herriko sukaldearen hornitzeko tokiko laborarien ekarpena garatzea.
  • Eskoletan pedagogia lana egin, gure haurrak elikaduraren erronketan hezteko.

Bazenekien?

  • Herriko sukaldeak egunean 300 bazkari banatzen ditu, eta epe laburrean egunean 800 bazkari egiteko xedea du.
  • Herriko etxaldea: 1.700 m² berotegi eta 1,2 hektareako fruitu-baratzea, urtean 12 tona fruitu eta barazki ekoizteko.

Demokrazia eta herritarren parte-hartzea: gure iparrorratza

… Elgarrekin, hobeki egiten dugulako.

Agintaldian gauzatu duguna:

  • Auzo kontseiluak plantan ezartzea, auzokideek beren auzoetan egin behar diren inbertsioak identifikatu eta proposatzeko gisan.
  • Aurrekontu parte-hartzailea plantan ezartzea, 100 000 €-ko diru kopuruarekin. Urruñako herritarrek 4 proiektu aurkeztu ondoren, herritarrek, bozka bidez, 2 zituzten hautatu.
  • Biztanleekin hitzartze desmartxak gauzatzea, hiri antolaketa proiektuendako eta politika publikoak moldatzeko.

Elgarrekin urrunago joateko:

  • Kontseilu parte hartzaile batzuk sortzea, Herriko Batzordeen ordez, herritarrak, elkarteak edo partaideak integratuz, adibidez Elikadura Subiranotasunaren Kontseilua edo Kultura Kontseilua.
  • Herritarrei hitza usuago eman, tresna digital egokitu eta eraginkorrak erabiliz.

Bazenekien?

  • 300 biztanlek, elkarte ugarik eta Gizarte Ekintzarako Udal Zentroak elgarrekin eraiki dute Urruñako Gizarte Kohesiorako Plan Estrategikoa. Plan horren helburua da urruñarren beharren araberako zerbitzuen funtzionamenduak sortzea, heinean ezartzea edo egokitzea.

Elkarbizitza erraztea eta zaurgarrienak sustengatzea

Urruñarrak dira gure ekintzen ardatza, eta eskura dituzten eskubide eta baliabideetara bidezko sarbidea bermatzen diegu, haien duintasuna eta aniztasuna errespetatuz.

Agintaldian gauzatu duguna:

  • Elkartasunak garatu:
    • Adinekoendako bizi- eta animazio-leku bat sortuz, animatzaile dedikatua kontratatuz eta 9 jarlekuko furgoneta bat haien eskura ezarriz.
    • Adinekoak beren etxeetan gelditzea erraztuz.
    • Gizarte-laguntzaile bat kontratatuz.
    • Elkarlan hertsia bultzatuz herriko zerbitzuen eta Denentzat Gizarte-Zentroaren artean.
    • Herriak hazkurri-laguntzetan duen parte-hartzea %20 emendatuz.
    • Eskola-garraiorako diru-laguntza sortuz eta herri-zerbitzuen tarifak biztanleen diru-sarreretara egokituz.
  • Herriarteko Lehen Haurtzaroko Erreleboa sortu Biriatu eta Hendaiarekin.
  • Gure gazteriarentzat garatu ekintzak (Haurren herriko kontseilua, urruñar gazteentzat sasoiko lanpostuetarako sarbidea, gidabaimena pasatzeko beka).
  • Auzoetako jai batzorde ezberdinei babesa eman eta Bixintxoko bestetan Hiriko trofeoen banatzea plantan ezarri.
  • Gure birazkatzeak babestu eta azkartu, Segurako hiriarekin (Gipuzkoa) eta Sulzbach am Mainekoarekin (Alemania).

Elgarrekin urrunago joateko:

  • Zerbitzu publikoak herritarren beharretara egokitzea, Gizarte Kohesiorako Plan Estrategikoaren gomendioak kontuan hartuz.
  • Gure aisialdi-zentroak berrantolatzea, 3 eta 6 urte bitarteko haurrak leku egokietan hartzeko gisan.
  • Lehen Haurtzaroko eta Gazte Guneetako zerbitzuak garatzen segitzea.
  • Urruñan “France services” delako harrera proposatzea eta Posta bezalako zerbitzuak mantentzen ahalegintzea.
  • Gazteen herriko kontseilua plantan ezartzea, haien igurikapenak, dagozkien eta interesatzen zaizkien gaiak adieraz ditzaten.
  • Adinekoen egoitzaren ordezkoak proposatzea, xaharrek etxean edo bizitoki kolektibo eta inklusiboetan zahartzeko aukera izan dezaten.
  • Herriko ehorztetxea eta oroimenaren lorategi bat sortzea, errautsak barreiatu ahal izateko.

Emazte eta gizonen arteko berdintasunaren alde aritzea

Agintaldian gauzatu duguna:

  • Emazte eta gizonen arteko berdintasunerako udalez kanpoko batzordea sortzea.
  • Bortizkeria sexista eta sexualari aurre egiteko prestakuntza- eta sentiberatze-ekintzak plantan ezartzea.
  • Tokiko bizitzarako Emazte eta Gizonen Berdintasunerako Europako Gutuna izenpetua izan zen 2021ean.
  • Ipar Euskal Herriko lehen Emazteen Etxea Pausu auzoan ezartzen laguntzea.

Elgarrekin urrunago joateko:

  • Herriko etxeko gastuak emazte eta gizonen arteko desberdintasunak murriztera bideratzea eta ebaluatzea.

Bazenekien?

  • Elkarteei urte baterako eman dirulaguntzen zenbatekoa 300 000 €-koa izan da, herriko salen erabiltze-gastuak barne hartu gabe.
  • Herriko etxeak 277 000 €-ko diru laguntza eman du herriko haurtzaindegieri, zuen seme-alabak hartzeko gisan.
  • Beste hiru bizitoki zaharberrituak izan dira larrialdietarako.

Trantsizio ekologikoa abian

Herria eskala egokia da ekiteko, guretzat eta gure haurrentzat etorkizun bideragarri eta iraunkorra bermatzeko.

Agintaldian gauzatu duguna:

Herriko argindar kontsumoa %25 baino gehiago apaltzea, “Nire karrika pizten dut” dispositiboari  eta gure herriko zerbitzuen praktikek izan duten bilakaerari esker.

  • Herriko eraikuntzen auditoria bat abian ezarri eta erreberritze programa bat abiaraztea (isolatzea, berotzea, argiak…) eta eguzki panel fotovoltaikoak ezartzea herriko hiru bastizetan.
  • Eragile dedikatuen talde bat plantan ezartzea, gure ingurune naturalen berrezartzeaz eta mantentzeaz arduratuko dena, faunaren eta floraren probetxurako, eta baita sentsibilizazio ekintza pedagogiko ugari egiteaz ere.
  • Biodibertsitatearen Frantziako Bulegoaren laguntzarekin eta biztanleen partaidetzari esker, biodibertsitatearen atlas parte hartzailea plantan ezarria izan da.
  • Bide berdea sortzea, biztanleekin hitzartu ondoren; biztanleek bozkatu ahal izan zuten posible ziren zati batzuen hautuetan; mugikortasun leunaren antolaketa egituratzaile bat.

Elgarrekin urrunago joateko:

  • Energia-soiltasuna azkartzea eta gure ingurune naturalak eta biodibertsitatea babesten jarraitzea.

  • Gure herri ondarea berritzen segitzea eta eguzki panel fotovoltaiko gehiago ezartzea eraikinetan, urtean bi.

  • Tokiko kooperatiben agerpena sustatzea eta energia berriztagarrien ekoizpena bultzatzea etxebizitza multzo baten mailan.

Bazenekien?

  • 125 000 €: hori da urtero aurrezten den dirua, udalerriko gas- eta elektrizitate-fakturetan, gure agintaldian hartu neurriei esker.
  • Autonomia energetikoarekin dugun konpromisoaren barnean, herriak agente bat formatu du panel fotovoltaikoak instalatzeko.
  • Herriak Euskal Herriko Klimaren eta Biztanleen aldeko Ituna izenpetua du eta Bizi! elkarteak gomendatu neurrien parte handi bat martxan ezarria izan da.

Kultura politika indartua

Norberari, ikastea, partekatzea, loratzea eta engaiatzea ahalbidetzen dion kultura politika babesten dugu. Lurraldeko jakitate eta ohituren balioa agerian ematen duena eta, aldi berean, tokiko ekimenak eta elkarteenak sostengatzen dituena.

Agintaldian gauzatu duguna:

  • Kultura plana apailatu eta dinamika berri bat bultzatu herriko elkarteekin, hiri barnearen giroa pizten duena; besteak beste, Gaztetxearen sorrerari, festibalen antolaketari  (Emeki, Muga Gabe eta Inpakt), kultura eta besta ekitaldien antolaketari esker, hala nola, Gau Beltza, Elealai, Zineak auzoetan eta ostiraleko pintxo poteak; eta baita kirol ekitaldien abiatzeari esker ere, hala nola Ibardingo Krono Eskalada eta Larruleta kanpineko Animatloia.
  • Euskara Plana onartua izan da, euskara biziarazteko eta eremu publikoan merezi duen distira eta erabilpena laguntzeko.

Elgarrekin urrunago joateko:

  • Kulturaren Kontseilu parte-hartzailea sortzea, herriko kultura politikaren ko-eraikuntza azkartuz, aberasteko eta garatzeko.
  • Bixikenean kultura xede duen hirugarren leku bat sortzea, gure elkarteendako gelak, bai eta besta gela bat ere urruñarren beharrei erantzuteko, adibidez beren familia bestak antolatzeko.
  • Itsas Mendi zinemari laguntza ematen segitzea, haren proiektua iraunarazteko eta gure Herri Barnean duen lekua segurtatzeko.
  • Inguruko herriak biltzen dituen Larrun mediateka sareari atxikitzea.

Bazenekien?

  • Bixikenea denei irekia den parke publikoa da jadanik, familia eta lagunarteko topaketetarako egokia.
  • Herriko bide zenbait berriz irekiak izan dira, gure mendiko leku historikoetara heltzea errazteko (Betizu bidea).

Tokiko ekonomia dinamiko bat sostengatzea

Pertsonen eta haien ongizatearen zerbitzura dagoen ekonomia sozial eta solidarioan sinesten dugu.

Agintaldian, gauzatu duguna:

  • Urtero antolatuak diren Enplegu Foroa eta Merkataritza eta Ofizialegoaren Astea, hitzaldiak eta tailerrak.
  • Urruñako ofiziale, merkatari, ekoizle eta zerbitzuak argitara ateratzeko, Saltoki agerkaria eta entreprises.urrugne.fr web orria sortuak izan dira, eta sare sozialetan komunikazio indartua ere.

Elgarrekin urrunago joateko:

  • Tokiko ekonomiaren kontseilu parte-hartzailea sortzea, ofiziale, merkatari, eta ekonomia sozial eta solidarioko eragileak integratuz.
  • Tokiko eragileak sostengatzea eta ekonomia sozial eta solidarioari laguntza eskaini, baita ere hiri-antolaketa proiektuetan integratu, bizi- eta lan-lekuak elgarrengandik hurbiltzeko.
  • Euskal Elkargoarekin elkarlanean, Berrueta 2 gunean handik lekutu ezin diren tokiko enpresen finkatzea bultzatu.
  • Elikagai merkatu bat sortzea Herri Barnean gure tokiko ekoizle eta merkatariekin. Elkarbizitzarako eta topaketarako leku gisa pentsatua izanen da.

Bazenekien?

  • Herriak Merkataritza eta Merkatu zerbitzu bat sortu du. Lanpostu baten sortzeaz haratago, Urruñako eragile ekonomiko guziendako solaskide pribilegiatu eta dedikatu bat ukaitea da.
  • Herriak EUSKO ordainketak onartzen ditu ordainpeko prestazioengatik eta, horrela, tokiko ekonomia, trantsizio ekologikoa eta euskara sostengatzen ditu.

Hautetsi aktiboak lurraldean

Hautetsi aktiboak Euskal Herriko Hirigune Elkargoan eta lurraldean

Gure auzapezak eta  hautetsiek defendatuko dituztenak:

  • Urruñarren beharrak Txik Txak autobus sarea kudeatzen duen Mugikortasunen Sindikatuan:
    • Garraio publikoaren indartzea, eskariaren araberako garraioa garatzea eta denen beharretara egokitu eskaintza hobetzea.
    • Mugikortasun inklusiboaren bermea, mugikortasun urriko pertsonentzat eta adinekoentzat.
  • Abiadura handiko linea bat eraikitzearen aurka (AHT).
  • Edateko uraren eta saneamenduaren egiazko zerbitzu publikora itzultzea, Euskal Elkargoak gardenki kudeaturik.
  • Lurraldea errespetatzen duten turismoa eta garapen ekonomikoa.
  • Lurraldearen antolamenduaren ikusmoldea, gure herriko egitasmoekin egiten dugun bezala, klimaren erronkei egokitua.
  • Anbizio handiko lurralde-elikadura proiektua, elikadura-ezegonkortasuna bere baitan txertatzen duena, bakoitzaren osasuna hobetzeko, elikadura sano eta iraunkor baterako sarbidea ahalbidetuz.
  • Euskal Herriko erraustegian ehorzte-zeremonia zibilak antolatzeko egokiagoa den gela baterako helburua, edo erraustegi berri bat sortzea, gero eta jende gehiagok hautatzen baitu ehorzketaren praktika osagarri gisa.

Lurraldean, beste lankidetza batzuk ere egin daitezke:

  • Pausu mugaz gaindiko bizi-arroaren muinean dagoenez, Bidasoa-Txingudi Partzuergoan integratzea eskatuko dugu, Irun, Hondarribia eta Hendaiarekin bat eginez. Partzuergoa elkarte bat da, kide diren herriei beren elkarlan kultural, sozial, turistiko eta ekonomikoak garatzeko aukera ematen diena.
  • Urruñarrei lehentasunezko prezioak ahalbidetuko dizkiegu, bereziki Hendaia eta Donibane Lohizune herrietako igerilekuetakoak.