Miarritzen sortu nintzen, 1968an. Arbonan hazi, lan anitz egiten zuten gurasoekin eta 6 eta 7 urteko bi anaia gazteagoekin. Oso gaztetan parte hartu nuen herriko elkarteetan: euskal dantzak, pilota. Bigarrenean Uztaritzeko eskola-barnetegian egon nintzenean, Senperen eskubaloian jokatzen hasi nintzen (nire deskonpresio gunea)
Mattin Carrere apaiza usu etortzen ohi zen etxera, ama katekista zen, eta erran dezaket eragin garrantzitsua izan zuela nire hautu politikoetan. Oso gazte nintzenetik sentitu nintzen eskualdun, eta biziki harro nintzen aitatxi eta amatxirekin euskaraz mintzatu ahal izateaz. Bidegabekeriak sumintzen ninduen askotan ; kolegioan eta lizeoan ordu batzuetarako atxiki-aldietan zigortua izan nintzen horregatik.
Dudarik gabe, horren guztiaren nahasketak eta senarrarekilako topaketak Xabat Baitaraino ekarri ninduten, Mendi Xokora. 1989an, BTS diploma eskuan, Hendaian idazkari gisa hartu ninduten; 8 urte egin nituen han.
Horrekin batera, 1990ean, Urruñan hasi nintzen lehen mutxiko eskolak ematen. Integratzeko molde ona zela uste dut. Txominez haurdun nintzen, eta gelditu egin behar izan nuen. Hala, nire bi haurren haurtzaina eta gure seme-alabenganako onginahiz eta maitasunez beteriko familia bat aurkitu nituen bertan. Gaur egun, Pika ta Ebats elkarteak boluntarioen engaiamenduari esker jarraitzen du, eta gure kulturaren transmisioak bizirik irauten du.
1998an, idazkari izateari utzi eta senarrarekin batera etxaldean bizitzen jarri nintzen. Eta, horra, eskolara itzultzen nintzen 6 hilabeterako, Zuberoako Menditera. Egunero egiten nuen joan-jina, 7 eta 5 urteko bi mutil baikenituen etxean. Laborarien mundua deskubritzen hasi nintzen, lehenik ikasle gisa eta gero artzainaren emazte gisa. Senarrarekin etxaldean zati berdinetan elkarturik, estatus hori garrantzitsua zen harentzat, nire lekua har nezan nahi baitzuen. Gure etxalde ttipia aski ongi ari zen eta, anartean, ELB gure laborantza sindikatuaren baitan buru-belarri murgildu nintzen; Lurzaindiaren sorreran ere parte hartu nuen; haren lehen lehendakaria izan nintzen.
Une berean, Urruñan Ikastola sortzeko borrokan ari ginen. Ibilbide ezberdin horiek, gogoeta kolektibo horiek, batzuetan biziki berantiarrak ziren bilkura horiek (laborariak jetzaldien ondoren biltzen baitira), asko elikatu naute. Oso jatorri desberdineko pertsonak ezagutzeko parada eman didate, baina beti helburu berdinek bultzaturik: interes kolektiboak edo orokorrak. Hori da, hain zuzen ere, Urruñan egin dudan ibilbide politikoan kausitu dudana, lehenik Herritarrak-en eta gero Elgarrekin-en.
Gaur egun, 2020az geroztik hautetsia naiz, lehen axuanta, Lurralde antolamenduko arduradun gisa. Erronka handia da Urruñarentzat eta lurraldearentzat. Biharko bizilekua asmatzea, klima-aldaketak gogoetetan txertatzea eta gero eraikuntza, bizileku hori bizitzeko atsegina izan dadin, energia-kontsumoaren edo uraren kudeaketaren inguruko diru-amildegi bat izan gabe, belaunaldiartekoa, Zahar etxeen alternatibak proposatuz, behe-solairuko zerbitzu eta saltokiekin. Ez da lan erraza, eraikitzaileei ez baitzaie gustatzen bultzatuak, desafiatuak izatea beren praktiketan. Uste dut lortzen ari garela, eta orain hasia dena bururaino eraman behar dugula, urruñarrei duela 6 urte hautatu gintuzteneko proiektu horiek proposatuz.