Annie POVEDA

Annie POVEDA

Gelosen sortu nintzen, Pauen ondoan dagoen Biarnoko herri ttipi batean, familia apal batean hazia, aita postaria eta ama etxeko garbitzailea, 4 seme-alabako familian azken ttipia. 63 urte ditut, erizain erretiratua naiz, Zainketa Orokorretako Estatu Diplomaduna.

Gazte gaztea nintzela, PTTko opor-kolonietako egonaldiez baliatu ahal izan nintzen, batez ere Urruñan, Bixikenea delako eremu bikain horretan (Ha! oihanetako joko pista handi haiek, gauak dendapean edo logeletan irudimenezko istorioak kontatzen elkarri,…).

Laster, autonomo izateko beharra sentitu nuen, eta Baionako erizaintza eskolan onartu ninduten. Hemeretzi urte nituela, zenbat aurkikuntza eta topaketa! Adoptatua sentitu nintzen hiri zoragarri horretan.

Baionako Polo Beyris auzoko Gazteen eta Kulturaren Etxeko herritar engaiamenduak eta herri hezkuntzako mugimenduek erakarri ninduten, Francas delakoen formakuntzari esker BAFA begirale ibilbide gaztean nireganaturikoarekin bat eginez. Intelektualki eta sozialki elikatu nauen gaztetxe horri esker, amerindiarrekiko hartu-eman batean parte hartu ahal izan nuen, Quebecen. Han deskubritu nuen herri batek jasan dezakeen diskriminazioa, arrazakeria eta emakume amerindiarren estatusa, hain segur emazteekin dudan konpromisoaren oinarrietako bat.

Erizaintzako diplomatura eskuraturik, kirurgia ortopedikoko espezialitatekoa izan arren, psikiatriarako proposatu ordezkapen bat egitea onartu nuen, eta ondotik eskaini zidaten lanpostua onartzea erabaki nuen, izpirituak konpontzea gorputzak antolatzea bezain funtsezkoa iruditu baitzitzaidan.

Baionan urte batzuk egin ondoren, Hendaian bizi izan nintzen hamar bat urtez, azkenean, Urruñan behin betiko finkatuz.

Pausutar batekin ezkondurik, hiru seme-alaba izan ditut, eta biziki harro naiz haien eskola- eta unibertsitate-ibilbideaz, euskara ere menderatzen dutelarik neurri handiago edo ttipiagoan.

Mugimendu feministetan engaiatu nintzen, Iparraldean emazteen etxe bat sortzeko, hautetsi-karguak izan baino askoz lehenago ere.

Gaur egun, Urruñako Elikartasuna elkarteko kidea naiz, Elikaduraren Gizarte Segurantzaren printzipioa garatzeko xedea duena.

Behin baino gehiagotan parte hartu dut udal hauteskunde kanpaina ezberdinetan: Hendaian 23 urterekin eta Urruñan geroago. Izan ere, norberaren hiri edo herrirako proiektu eraldatzaile bat kolektiboki idazten parte hartzea gustuko izateaz haratago, helburu berarekin bildu emazte eta gizon talde baten ideiak, eta desadostasunak ere batzuetan, deskubritu eta partekatzeak, beti pizten dit interes handia.

Urruñako udal politikan emazte / gizon berdintasunaren kargua izanki, hiriko kultura politikan ardurak hartzera ere eramanen naute. Agintaldi honetan bizi izan dugun bezala, berdintasunaren aldeko eta diskriminazioen aurkako dinamika herritar bati eutsi nahi diot, eta energia hori bera bultzatu nahi dut guziontzako, bizitzako adin guzietarako, kultura irisgarri eta norbanakoaren eta taldearen loraldia sortuko duen baten aldeko gure anbizioak lortzeko.

Aurkezpena partekatu: