Jérôme TEILLARY

Jérôme TEILLARY

Duela 50 sortu jaio nintzen Donibane Lohizunen, artean amategi bat zegoen garaian. Zokoan hazi nintzen, eta Donibane Lohizunen egin nuen eskolatzea (hiribarneko eskolan lehenik eta gero Ravel lizeoan), Bordelera ikasketak egitera joan aitzin.

Berehala ohartu nintzen nire bizitzako helburu nagusia Euskal Herrira itzultzea izanen zela. Familia, lagunak, mendiak eta itsasoa biziki eskas nituen.

24 urterekin bi aukera izan nituen: Parisera joan sare informatikoetan karrera egitera edo SNCFn sartu. SNCF hautatu nuen, epe ertainera hona itzultzeko aukera ematen zidalako. Hala, Poitiers eta Bordele artean 6 urte egin ondoren, Hendaiara itzuli nintzen; 20 urte daramatzat bertan lanean. Lehenik, bidaiari zerbitzuburu gisa (kasketarekin trenen irteera ematen duena), eta, ondoren, trenbide-garraioan. Gaur egun, Euskal Herriko, Landetako eta Biarnoko merkantzia-trenen arduradun gisa ari naiz.

Herrira itzulirik, 3×8 ordutegian lan eginez, asteburuak barne, jokoz kanpo bezala gelditzen nintzen lagun eta senideen biziari ezin egokituz. Eta laster, astegunetako denbora libre hori soldatapeko langileen defentsan engaiatzeko erabili nuen, CGT sindikatuan sartuz. Langileen ordezkari eta delegatu hautatu ninduten, eta, ondoren, CHSCTko (Higiene, Segurtasun eta lan Baldintzen Batzordea) idazkari. Epe horretan, pleitetan, berregituraketak eta enplegu-ezabapenak izan ziren 6 hilabetean behin. 10 urtean Hendaia eta Baiona artean 320 langile izatetik 50 bat izatera pasa gara gaur egun, giza mailan ondorio zailak eraginez, baina baita ere tren bidezko merkantzia garraioaren murriztearekin eta kamioi bidezko garraioaren bat-bateko hazkundearekin, klima aldaketaren ondorioak jada sumatzen hasiak ginen aldi batean.

Hori dela eta, ingurumenaren aldeko konpromisoa piztu zen nire baitan. Denboraldi guzi honetan ohiz kanpoko pertsonak ezagutu ditut, guzien ongiaren defentsan bizia ematen zutenak; oso formatzailea izan da hori guzia.

2018tik aitzina denbora apur bat gutxiago eskaini diot nire konpromiso sindikalari, nahiz eta oraindik ere konbentzituta nagoen soldatapekoak antolatu egin behar direla. Elikadura sano eta kalitatezkoak duen garrantziaz segur, bai ingurumen arrazoiengatik, bai osasun publikoagatik (garraioa, ohiko nekazaritzan erabili pestizidak…), Urruñako AMAP-a (Laborantza baserritarra atxikitzearen aldeko elkartea) sortzen engaiatu nintzen eta gero, jakina, Larrunkoopeko talde sortzailean, janari-denda parte-hartzaile, ekologiko, sozial eta solidarioa sortzen. Bi egitura horietako kide naiz beti.

2020an, denbora eskasez, ezin izan nuen egungo gehiengoa herriko etxeko buru izatera eraman zuen Elgarrekin dinamikan sartu. Hala ere, laster jo nuen hautetsiak laguntzeko biltzen ziren hiritar lan-taldeetara, batez ere elikaduraren gaian. Dinamika horiei esker, udal-sukaldea eraikia izan da, eta baratzezaintzako baserria apailatu udal-lurretan, udalak berak kudeaturik. Talde horietan kausitu nuen funtzionatzeko molde bat, non demokrazia parte-hartzailea ez den hitz hutsala, eta non esparru desberdinetatik heldu diren pertsonak elkartzen diren guzien ongiaren alde lan egiteko.

Urruñarrek martxoan konfiantza egiten badigute, udalerriko mugikortasunez arduratuko naiz eta Euskal Elkargoan aulkia ukaiteko seinalatua izanen naiz, non Mugikortasunen Sindikatuan azkarki parte hartuz, Urruñako biztanleen garraio beharrak erakustera lehiatuko naizen.

Elgarrekinek hurrengo agintaldirako izanen duen funtzionatzeko moldea demokrazia parte-hartzailean oinarrituko da, eta hautetsi bakoitzak hainbat lan-taldetan edo kontseilu parte-hartzaileetan parte hartzeko aukera izanen du. Elikadura gaia landuko duen taldean engaiatzeko asmoa dut, baina, era berean, etxebizitzaz arduratzen den taldean ere lanean segitzeko xedea dut, gai horiek funtsezkoak baitira gure seme-alabentzat eta etorkizuneko belaunaldientzat.

Aurkezpena partekatu: